Thrillerbaten antzera irakurri dut Mayka Navarro eta Paco Marco kazetarien lan hau... katalanez si us plau! Bikoteak, kasik minutuz minutu, kontatzen du 2024ko agorrilaren 8 hartan, hain zuzen ere Salvador Illa Kataluniako Parlamentuko president izendatze-ekitaldi goizean, nola agertu zen Carles Puigdemont, oren laurden milimetratu batean, bere zaleen aitzinean eta nola lortu zuen eskapatzea Eskuadrako Mosoen barrakiak oro gaindituz. Biharamunean, Watterloon zen berriz, irri kokin bat ezpainetan, hainbat zerbitzu sekretu eta polizia mistifikatu ondoren.
Zergatik ez zuen, 2016an Artur Masek bere ordezkari izateko bigarren haututzat zeukan Puigdemontek iragan udako agerraldian bere burua atxilotzen utzi? Zer espero du ihesean iraunez? Hauexek dira igande honetako galdera sakonak! Eta bestea, alabaina, gure interes bekaitzerako Navarrok eta Marcok iker dezaketena: zein zen Artur Masen lehen hautua? Ricard Ustrell ospetsuari ahantzi zitzaion galdatzea, Col.lapse-ren 104. atalean Mas presidente ohiari egin zion elkarrizketa luzean! Dirudienez, Katalunian halaber, inpentsatuak badira...