Analista askoren gustuko, alimaleko iruzurra da Trumpek proposatzen duen 20 puntuko Gazarako bake plana. Hamasek erabaki artean, «bere lana bukatzeko» denbora ematen dio Netanyahuri, bi urte hauetan egiten ari den sarraski zibila amaitzeko, hots. Batak beti amesten du Gazako herriaz riviera bat moldatzea eta besteak, palestinarrak kalitzeko bere xedea egiaztatzea, guzia kudeatzeko hautatu duten Tony Blair ingeles mertzenario politikoa buru. Bake hitzak berak europarrak jokoz kanpo uzten ditu. Xinplea da eta konplikatua aldi berean...
Lana bukatu eufemismoa entzuten dudanean sufritu egiten dut. Izpiritua gaizki plazatua dudalako agian, Hitlerren 1942ko soluzio finala etortzen zait gogora: exterminazio esparruetan sei milioi juduren erailtzea erabaki zuen Wannseeko hitzarmen horrek. Gaurko egunean Gazako hiritarren ehuneko hamar suntsitua du israeldar armadak, tiroz eta gosez, haur, emazte eta gizonak bereziki. Jasanezina. Dena den, Gazako biztanleen bizkar, Trumpek lortuko du aurtengo Bakearen Nobel saria eskuratzea. Parioak libre...