Oroitzen gara, urtezahar gaueko mezu batean, haurrik ez duen Macron presidenteak berrarmatze demografikoaren kontzeptu mediatikoa nola sortu eta hedatu zuen. Gerla bezperako solasak dira, estatuek bake aroak bukatzear daudenean, herritarrak, txikiak eta handiak, 14ko konflikto garaian Eskualduna astekariak goraipatzen zituen kanoi-haragitzat jotzen hasten direlako. Ez dira baitezpada seinale onak presidente garaikide baten ahotik isurtzen diren politika natalistak sustatzeko dei horiek.
Europan sortze tasak apaltzen ari dira eta ez bakarrik Frantzian edo Espainian. Errusian ere bai. Moskuko botereak ez ditu begi onez ikusten haurrik ez duten emazteak eta psikologoarengana joatera bultzatzen ditu, amatasunarekiko harreman positiboa landu dezaten. Gizonezkoek, aldiz, osasun fisikoa baieztatzeko bilanak egin behar dituzte. Abortua zailtzea eta diru-laguntzak emendatzea ere sartzen dira natalitatea sustatzeko doktrina hauetan. Egia da Errusian arazoa larritu dela, Ukrainaren aurkako lau urteko gerla gizon gazte askoren bizitzak irensten ari delako!