Nik ez dakit ia ezer misilei buruz. Ez dakit zenbat mota dauden eta bakoitzak zein kalte eragin dezakeen. Orain arte ez dut jakin Hamasek koheteak baino ez dituela eta Israelek misilak. Ez dakit zein den artilleriarik indartsuena egungo munduan, eta ez dakizkit zeintzuk diren debekatuta dauden gai kimikoak. Gauza bat nabarmena da. Israeldik berba egiten duten kazetarien inguruan etxeak daude, plazak daude eta kaleak daude. Gazan ez dago ia ezer. Dena bota dute. Hamasi bota nahi diote ospitale batean bostehun lagun baino gehiago hiltzearen errua. Hainbat datu irakurri ditut, eta badirudi Israeleko Gobernuari katamaloa jausi zaiola. Bostehun lagun, ospitale batean. Eta oraindik ere Hamasen eta Israelen arteko gerra bat dagoela esaten digute. Israelek Gaza suntsitu du, Libanon eta Sirian bonbak botatzen ari da, eta hala ere, hala ere esaten digute Hamasen eta Israelen arteko gerra dagoela.
Nik ez dut sinesten Hamasek ospitale batean babestutako palestinarrak hil dituenik, eta ez dut hori pentsatzeko datu zehatzik behar. Gernika gorriek erre zutela esan zuten Francoren aldekoek. Euskaldunek haien sinbolorik handienetako bat erre zutela, bertan zeuden ia guztiak zibilak zirenean. Gasolina kupelak ipini zituzten zenbait kaletan haien argazkietan ateratzeko. Ez dirudi hau desberdina denik.
BIRA
Gezurrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu