Astez aste errepikatzen den istorioa dela dirudi. Aitzina joanago eta ankerragoa bihurtzen ari da gizartea. Ez da egun bat pasatzen, han edo hemen, senarrak, anaiak, aitak eragin emazte, arreba edo alaba baten hilketaren berririk ukan gabe. Gerla mutu baten antzera hedatzen da emakumearen aurkako gorroto zerbaitetan bermatzen den eginkizun olde hau. Iragan agorrilean bere bikote ohiak labainkatu zuen Ines Mecellem gaztearen kalbarioa ekiditen ahal zela errepikatzen dabil Poitiers aldeko bere familia: alabaina, sei aldiz izan zen polizia-etxean kereila pausatzeko, baina nehork ez zion bere larrialdi zantzuei sinesgarritasunik eman.
Bizkitartean, eta honek hura esplika dezake, Europako Batzordea, Frantzian familiarteko biolentziek duten inpunitateaz kezkatzen dabil eta Parisi neurri urgenteak hartzeko eskatzen dizkio. Mugaren alde honetan, biolentzia domestiko eta sexualen kasuetatik %83 eta bortxaketei dagozkien %94 segidarik gabe klasifikatuak dira. Gainera, genero biolentzia jasaten dutenek ongi merezitua dutela pentsatzen jarraitzen du herritarren gehiengo batek.