Gisele Pelicot feminismoaren figura mundiala bilakatu da iragan iraileko auziaren ondotik, Times astekariaren azala egiteraino. Duela gutxi hemen bertan seinalatu nuen Eta bizipoza… bere memoria liburuaren plazaratzea. Badakizue zein kuriosa naizen, hainbat non bukatu berri dudan lan horren irakurketa, katalanez, Arallibres argitaletxearen eskutik. Un himne a la vida deitzen da eta galdetuko duzue zergatik nirea ez den hizkuntza batean ustiatu dudan testu hunkigarri hau. Uste dut, arras zintzoa izateko, frantsesez zuzenki leitu baldin banu, kontatzen duenak amilduko eta errautsiko ninduela!
Ahalkeak ezpondaz aldatu behar duela diogu guk ere Gisele Pelicoten adierazpena errepikatuz. Idazlea, bere aldetik, harritzen da beti, hain naifa, hain bihotz onekoa, hain gozoa izanik, dominazio sexuala bilatzen baizik ez zuen bere senarrarekiko. Ez dio misterio horri arraposturik aurkitzen, ez baitaki… baina gainerakoa, zehatz eta argi azaltzen du, gizonezko batzuek emakumeei egiten dizkieten sarraskiak ahoan bilorik gabe aipatzeko moduan. Esker mila, Gisele!