Svetlana Aleksievitx adiskide idazle ukrainarrak izkiriatu zuen behin «txantxa handi batez hasten diren tragediak» badirela munduan zehar, eta bazekien zertaz mintzo zen. Hala ari da gertatzen Gazako zerrendan, Donald Trumpek aipatu zuen riviera baten eraikitzeko ideia eman eta kasik berehala, Israeldar gobernua eskualde hori literalki garbitzen ari delako, militarki lurraldeaz jabetzeko. Gazako bi milioi biztanleak jada gosetearen mailarik larrienean daude, armada israeldarrak janari kamioien bertaratzea blokatzen duenez geroztik. Gainera, bonbardaketak badira egun oroz: goseak hiltzen ez duena, zartagailu ezpal batek zirtzikatzen du.
NBEko janari eta laborantza alorreko erakundearen zuzendariak ez du sekula hain kinka kolektibo latzik ikusi. Biafran edo Etiopian bederen nazioarteko elkartasunak izkinak leuntzen zituen. Gazan horrelakorik ere ez. Herritarren obsesioa, dagoeneko, irina bilatu eta aurkitzean datza, ogia egiteko gisan, haurren eta adinekoen hazteko. Batzuen ustez, eta partekatzen dut aburu hau, janari krisi baten aitzinean baino, humanitate krisi eta porrot moral baten aurrean gaude.