Zerbait da, hala ere, orain, Ipar Euskal Herriko politikariak oro euskararen biziraupenaren alde izatea eta, aldi berean, maila ezberdinetako erakundeetan dirurik ez edukitzea. Departamendua, eskualdea eta estatua hiruak pikarrai dira, kultur alorrak diruztatzeko orduan bederen... biribilguneentzat beti aurkituko dutelako sosa! Euskara, egundainokoan, haize eta denboraz kontra ibiltzera behartua dela ari nintzen gogoetan, Seaskako harrera ofizialean, iragan igandean, Herri Urratsen, justu aperitif-petits fours ekitaldia hasi baino lehen!
Besta handienak lagun bizkaitarrekin gozatzen ditudala badaki irakurleak, Herri Urrats barne eta komentarioak iruten genbiltzan. Frantzian dagoeneko segurtasunaz eta norberaren anbizioaz aparteko beste politika ildorik ez dago: Macron presidentea itzal bilakatua da, Parisen baino usuago Ukrainan azaltzen zaigula bakegile, Bayrou lehen ministroak ez du sekula deus entzun eta deus ikusi, eta, gure ezkerreko hiru diputatuak salbu, gainerako arduradunak ez dira ageri, ez dira hor, arras ahantzia bide dutelako jendeen bozekin eta gure zergekin ari direla beraien sakelak betetzen.