Adineko etxegabeak edo eskaleak ikusteko ohitura dugu Baionako karriketan, baina iragan egunean, Atalante zinematik gauez gau sartzean, geltokiko farmaziaren ate kantoian 15 urte baino ez zituen neskatxa zaurgarri bat gurutzatu nuen. Eskolako zakua ondoan zeukan, mugikorra eskuetan eta euritik aterpetzen zebilen kuzkurturik. Pena eman zidan, egiazki, goiz partean, irratian, sare sozialetako gizaki berdela zaleek, dei bakarra amu, prostituitzeko harrapatzen dituzten neska gazteei buruzko emankizuna entzuna nuelako.
Bere gurasoen etxetik ihesean zebilela argi zegoen. Galdekatu nuen eta prest nintzen han-hemenka agertzen diren sokorri-zenbaki horietatik baten egiteko, gaua, gutxienez, toki segurean pasa zezan. Baina ez zuen horrelakorik nahi, «ongi nabil» errepikatzen zidan, ahots ezti batez eta muturra ezker-eskuin mugituz. Ez nuen deus egiten ahal bere borondatearen kontra eta «zaindu zaitez» ezindu batez itxi nuen solasa.
Neskatxa haur hotz haren soa gogoan daukat oraino eta espero dut tartean ez zaiola ezer larririk gertatu.