Adin handikoenen gaineko bakartasunaren zama, lehergarria bilakatzen ari dela ondorioztatzen dute pobreziaren alorrean lan egiten duten elkarteek. Senior horiek ez dute sekula edo kasik sekula nehor gurutzatzen, solastatzen, besarkatzen. Herio soziala deitzen zaio horri. Gizonak edo emazteak alarguntzen direnean larriagoa da egoera, zenbakien gibelean bizitza hautsiak, hutsaltasun eta isolamendu sentimendu gorriak susmatzen direlarik. Populazioaren zahartzeak esplika dezake goiz edo berant gu ere harrapatuko gaituen fenomenoaren funtsa.
Lotura sozialek kolpe latza hartu zuten COVID garaian. Haurrak dituztenek ez dituzte ikusten eta haurrik ez dutenek, begiak baizik ez dituzte negar egiteko. Bakartasun zital horrek autonomia galtzea dakar, gaizki izatea, depresioa askotan eta suizidio-pentsuak. Diru-sartze ahulak edukitzea edo Internet erabiltzen ez jakitea, hirietan ala baserri guneetan, herio sozialera heltzeko bide zuzenena izan daiteke. Lekukotasunen arabera, bi adinekoetatik bat ez da, egunean behin bederen, bere etxetik ateratzen...