Uste dut urteko filmik gogorrena ikusi dudala iragan astelehenean Atalante zinema gelan. Hind Rajaben ahotsa deitzen da eta Kauther Ben Hania egile tunisiarrak bildu du, sei urteko neskatxa palestinarraren hitzak ardatz. Hamar bat orenez egon zen Zisjordaniako Kruasan-Gorriko borondatezko langileekin telefonoz, bere familia zebilen autoa israeldar armadak bonbardatu ondoren. Salbamendu operazio konplikatu baten buruan, leku hartara hurbildu orduko, anbulantzia bera tiroen itua izan zen. Gazan hondar bi urteotan agitu den sarraskia laburbiltzen du Hind Rajaben irriak.
2024ko urtarrilaren 29an gertatua kontatzen du filmak. Salbatzaileen emozioak, inpotentziak, neskatxa sosegatzeko beraien saioak, biribil zirtzikatuaren barneko eta sokorri zentroko huit-clos izugarri horretan egiazko gatibu bihurtzen garela gure aldian. Gogoan dut, zinegelaren ilunpean, Hind Rajaben boza entzuten nuen aldi oroz begiak ixten nituela, tragediatik urruntzeko bezala, tragediatik kanpo ihes egiteko bezala, baina ezintasunak lehertzen ninduen ni ere.
Ahotsa hor dago, beti, justizia eske.