Iragan arrastiri batez, Baionatik nenbilen, Pannecau karrikatik hain zuzen, mugikorraren pantailan eskrola eta eskrola, gusturik hoberenean, oharkabean, adineko gizon zardai eta mutur luze bat kuzkatu nuenean. Txapela zeukan buruan eta euskara aberatsean aritu zitzaidan: kasu egizu emaztekia, non duzu jendetasuna? A bai, zuen belaunaldikoek nahiago duzue pertsona fisikoekin hitz egin baino, hor, buruak apalik eta behatzak leun, telefona puta horretan denbora galdu...
Hauxe predikua, erran nuen nirekiko. Ez nuen txintik atera, edozein kasutan, bereziki Baiona Txikian, bakearen alde naizelako. Xinako terrazara heldu orduko alta, gizonkiari arrazoia eman nion: ez genuen, mundu mailan alabaina, sekula hainbeste komunikatu, algoritmoak nahasiz, besteekin bisan bis ele izpirik trukatu gabe. Paradoxala zen. David Le Breton bezalako jakintsuentzat adimen artifizialak faltsutzen duen solasaldiaren hariaren mozteak jendarte espektral batera bulkatzen gaitu, beldurtzen gaituen haustura antropologiko hartara preseski.
Elkarrik gabeko hizketak dira jada gureak...