Irakurri berri dut Geneviève Fraisse filosofo feministaren elkarrizketa, eta ohituraz harilkatzen doakidan nire pentsamendu errazaren xederetan harrapatua sentitu naiz: maskulinismo hitza darabilt aukera dudan aldi guzietan, haize-parpaila baten antzera, ene azalpenak justifikatuko balitu bezala! Fraisse andereak dio maskulinismoa elearen banalizatzeak, feminismoa bera deskalifikatzen eta despolitizatzen duela. Eman dut denbora agerpenaren arkanoak zulatzen, baina bai, maskulinismoa ez denez feminismoaren miraila soila, argi geratzen zait guzia!
Feminismoa XIX. mendean errotzen hasi zen emazteen askapen mugimendua da, maskulinismoa aldiz, askapen prozesu hori ezeztatzen duen ildo asimetriko biolentoa. Sare sozialetan sutzen dabil hondar bi hamarkada hauetan. Gizonezko horien ideologiaren helburuetatik bat emazteen kategoria librearen suntsitzean datza, gizon-emazteen arteko harremanaren kontsentsuaren printzipio demokratikoaren ukamen hutsean hots! Sexua eta generoa biak politikoak dira eta ez dira eztabaida publikotik baztertzen ahal. Hitz egokiak erabili behar dira haatik...