Euskal Herriko emazteen kolektiboak urte oroz bezala emazte idazleen nazioarteko biltzarra antolatzen du Baionako Euskal Erakustokian. Ohartzen naiz emazte eta euskal anitz badela lehen perpaus honetan, baina hala da behingoz, emazteek dute hitza sarri Baionan, euskarak toki gutxiago dukeen arren, zenbaitentzat euskara eta literatura antinomikoak bailiran. Algu ho havia de dir...lerrake Polonia emankizuneko pertsonaia batek.
Donostian ibili ondoren hemen dituzkegu Brigitte Paulino-Neto portuges jatorrikoa eta Zoe Valdes kubatarra. Biak Parisen ohatzen dira eta hor dute beren obra garatzen, nobelagintzan, poesian, bai eta haur literatura, antzerki zein artegintza pikturalen alorrean. Egile polifazetikoak gurutzatuko ditugu, idazteaz sakonki mintzatuko zaizkigu, exilioaz eta hizkuntza aldaketaren polisemiaz. Polimaitatzaile honek halaber, izkiriatzearen poligamiaz ariko direla espero du.
Asteak badoatzi bata bestearen hildotik: Jean Etxepare omendu genuen leku berean, beranduago Omar Khayyam pertsiarra marokiar musikari-kantari lagunekin eta gaur, lanetik landa, bi emakumeok entzunen ditugu solasean, afaltzera lehiatu aurretik.
Gure zai daude alaina. Auhariteko bederen.
Idazle batzarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu