Betidanik gaizki lo egin dut eta ez naiz opari bat ohean, beti hara-hona inguruka, itzuli eta mintzuli, loa harrapatu ezin. Eta loak eraman orduko, hara hor, amets gaiztoak, mamuak, lehertzen diren tunel ilunak edota hegazkinera tenorez heltzeko debaldeko lasterrak. Txikitan ere, oroitzen naiz ene loa ez zela batere baketsua. Nire baitan aitortu gabeko kezka edo arrangura bat gordetzen banu bezala... eta ez hori bakarrik, zeru zolako ilargi aldaketa guziak markatzen ditut, laurdenak, erdiak, beteak, berriak eta zaharrak.
Ez diot guzia salatzen bakanegi ikusten dudan medikuari. Bestela ere, hamabost minutuz, ez dugu denborarik gaitz larria ez den zerbaiten sakontzeko. Ni baino eriagoak baditu aiduru gelan. Irri eginez ateratzen naiz haren kabinetetik erranez adinarekin ez dudala, agian, zortzi ordu loren beharrik eta mundua gobernatzen duten horien antzera erdiarekin nahikoa daukadala. Ez nabil, haatik, goizeko lauretan sare sozialetan mezuak lau haizeetara bidaltzen, gaueko eleak idazten baizik.