Mediterraneoko eta Bizkaiko golkoko urak irakitear daudela erakusten dute eguraldiaren inguruan lan egiten duten ikerlariek. Eta kezkatuak dira. Ondorioa bizidunontzat larria izan daiteke: normatik kanpoko tenperaturek atmosfera gehiegi hezetu dezakete eta itsas aire arin freskagarri hori ezeztatzen ahal dute. Ez da on inorentzat.
Uren egoerak zehatz islatzen du lehorrean gertatzen dena. Oraingoz galdera bat egin dezakegu: noraino egoki gaitezke tenperatura latz horietara, jakinik hemendik zazpi hamarkadetara are gorago hupatuko direla ? Gu ez gara hor egongo baina gure arra-haurrak bai, eta hauek muturrean hartuko dute aldaketa klimatikoaren zartakoa... Idortearengatik, halaber, itsas bazterrak lehertzen dabiltza, Miarritzeko faroaren azpiko labar puska hura herenegun bezala.
Arrain espezie asko ere lanjerrean dira, batzuk desagertuko eta besteak kanbiamendu genetikoen bidez moldatzen saiatuko baitira. Arrantza sasoiak eta hauen teknikak zalantzan daude jadanik, murrunga eta iharduki artean. Baina nor gara gizakiok, arrainen auhenari entzungor egoteko?