Itxaro Borda

Iratiko basoan

2026ko irailaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Uda honetan, egun batzuk pasatu ditut Iratin lagun min batekin. Okabera igotzean, sasi batzuen gibeletik, iruditu zitzaidan basoilarraren karkara hauteman nuela. Ez ginen harrespiletara heldu ere, ihurtzuriak harrapatu gintuelako. Eta basoilarraren kanta hipotetikoa zela ondorioztatu beharrean aurkitu ginen, baduelako zenbait urte ez dela gehiago tetrao urogallus aquitanicus motako oilo-oilarrik gurutzatzen eskualdeotako txilardietan.

Bat-batean, basoilarraren abestiaren zehaztasunaz jabetu nintzen. Apalik xuxurlatzen nituen hitzek gatibatu ninduten: nire burua itxuratzen nuen, basoilarraren antzera, desagertzear, baina azken maitaldi baterako prest, ihurk ez lezakeelarik pentsa nik zer dudan gogoan, gauak oro igaraten ditudala maitearen ondoan. Eta olerkiaren oreka ikaragarriak lehertu bezala ninduen, jagoitik euskaraz ez dela deus ederragorik sortu errepikatzen nabilela entzun nahi nauen orori.

Ikasi dut, gainera, nekazaritza industrialaren eta ehiza sistematikoaren garaiotan, gure saparretan basoilarrak berriz sartzen ari diren borondate onak badirela!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA