Itxaro Borda

Itzuli-mitzuli

2025eko uztailaren 5a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gaur arratsaldean hasiko da Frantziako itzulia edo Tourra, hegoaldean aspaldi honetan deitzen diozuen bezala! Pirinioetan marea laranja espero da, ikurrina anabasa koloretsua bidea malkartzen den bezain laster, euskaldun baten etapa garaipen bat, eta bistan dena, ziklismoaren mundua dorpetzen duten dopin afera bat edo beste. 184 txirrindulari abiatuko dira Lille metropolitik eta jadanik hiru lehen postuak okupatuko dituztenen izenak ezagutzen ditugu: Pogaçar, Vingegaard eta Evenepoel... ordena zein izanen den haatik, hori zuzen ez dakigu. Haur denborako Poulidor, Perurena edo Txutxi Orbegozo txapeldun epikoen garaitik hagitz urrun gaude.

Hiru asteetan, irudiak pantailetan hedatuko diren bitartean, ETBko komentario egile trebeen ahots hipnotikoek siestara bulkatuko gaituzte. Erasora joko dutenean edo ziklista bat astunki eroriko denean, punpan iratzarriko gara, munduari arrotz, erdi lo, mihia lodi eta hitzak trenkaezin. Eta etaparen bukaera hausnarketarako eta galdeketarako unea izanen da: nola da posible txirrindulariek —batzuek bederen— Aspe eta Osau haranen arteko Marie-Blanqueko portu latza adibidez, nik autoz baino zaluago igotzea? Eta ez dut erantzunik aurkituko, kimikoa izan ezik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.