Denbora gastatzen dugu pantailei begira. Buruak apal eta oinak herrestan. Adimen artifizialak gure ingurumenak artifizializatzen ditu preseski, zazpi dimentsioko espazio fabrikatuen moduan destolestuz. Ez nuke sobera eusnob agertu nahi, baina askotan, Wachowsky ahizpen Matrixen edo Andrei Tarkovskyren Solarisen gaudela ematen du. Aski da, haatik, kopeta altxatzea logika numeriko horretatik askatzeko.
Mixel Arotzek, duela hiru hamarkada, bere belusezko ahotsez Zelüko izarren bidea kantatzen zuen. Abesti hori neukan gogoan iragan gau batez, lagun batekin, Erromardiko hondartzatik hirira oinez itzultzean: konstelazioak eta xenda esnetsuak distira zeuden, Merkurio eta Venus izarbelak gure miresmenaren eske, begiak behingoz zerura zuzendu genitzan erregutzen. Ilunpe trinkoan genbiltzan, munduan bakarrik bezala, eskuin aldetik itsasoaren murmura hautematen genuela.
Ortziaren muinean dirdai dabilen balizko argia ikusten dugunean aspaldian zendu planeta batena dela badakigu eta kliska horrek humanoa, bizidunen zurubian, bere leku hertsian uzten duela ere bai!