Bizkaiko golkoan baleak baziren, ustiaketa masiboak historiaren zepoetara aurtiki zituen artean. Ehiztari ausartaren fama ukan du beti euskaldunak. Duela gutxi plazaratu den Nature aldizkariaren artikulu batek paleolitiko garaiko jendeek baleak osorik kontsumitzen zituztela bermatzen du. Baleak itsas lehorretara zetozen hiltzera eta gizakiek orduan hilikiak zituzten biltzen eta puskatan prestatzen janaria segurtatzeko. Kostatik barnealdera ekarritako hezurrak mila eratara erabiltzeko gai ziren, Magdaleniar kulturaren araberako lanabesak moldatuz eta edertasuna biderkatzeko girgilak zizelkatuz adibidez, industria moduko zerbait osatzeraino.
Artefaktu hornitu horietatik asko aurkitu da gure eskualdeetako koba edo harpeetan, eta bereziki Izturitzen. Indusketa sakonen ondorioz, hezur eta hortz puskak atzeman dira gure lurretan, bai eta Asturiaseko zein Kantabriako kostetan, Pirinioetako kate osoan halaber, bilduma ederrak preseski Mas d’Azileko aterpe ospetsuan. Izturitzen bertan 63 pieza kausitzen dira, beste hainbeste Sordeko Durruti eta Brassempouyko hobietan. Gure aitzinekoek ere, argiki, ez zioten, beren premiak asetzeko, ingurunea kitzikatzeko jaidurari uko egiten.