Itxaro Borda

Jai eguna

2026ko uztailaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

2003ko bero olde latzarengatik hamabost mila jendek bizia galdu zuten Frantzian. Hori gertatu zen agorrila hastapenean: ospitaleak eta hil-etxeak gaindituak ziren, gauez ere tenperaturak ez ziren apaltzen, adinekoek sufritzen zuten Raffarin xanfarinaren gobernua oporretan zegoen bitartean, herritar zaurgarrienen egoeraz axolarik ez bailuan.

Ministroek eta arduradun politikoek harrituen planta eman zuten orduan tragedia herrikoiaren aitzinean. Gaurkoan, halaber, Macron presidente espektralak prentsaren aurrean galde alegia naifa egin du: nork pentsa zezakeen horrelakorik gerta zitekeenik? Garai hartan, hala ere, neurriak hartu zituzten, ez bistan dena premiazko dirua aberatsenen sakeletatik ateratzea, baizik ez langile arrunton jai-egun bat zaharren egoera hobetzeko erabiltzea. Mendekoste, halatan, pasatu zen trapara.

Baina osagarri egitura kili-kolo dago beti, behar handiak ditu eta langile eskasia. Badirudi ez dela deus aldatu eta jai egun bat gehiago lapurtzeko prest direla. Ondorioak ikusten dituzte eta kausak ukatzen, 2026an 2003an bezala. Zuzendu ezinak dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA