Baionako Txalaparta ostatu kuirrean nintzen atzo, lagun batek, aita zenak trufaz erraten zidana errepikatu zidanean, nire historia familialaz deus ere jakin gabe alabaina: «Ze apeza hi, gizonezko sortu bahintz!». Irri horail batez hartu nuen bere oharra, prediku astunak egiteko nire oinarrizko ohituraren kritika gisa funtsean.
Egia da ez nuela huts egin. Bi emazte ikusi genituen elkarri musuka, biek papoan zilarrezko gurutze ikusgarriak zaramatzatela, Madonnaren look brantxatua imitatu nahian bezala. Eta hor hasi nintzen: «Jainkoa, dioten bezain ona eta eskuzabala baldin bada, kuirren artean ere adoratzaile sutsuak ukanki, ez dinat ulertzen nolaz uzten duen hainbeste min gure antzeko jendeen arteko amodio sentimendu atenporalaren muskilak zirtzikatzera!».
Jainkoak akitzen gaitu azkenean, bereziki igandeetan, dena debeku, kondena, gaztigu eta bizitzaren kontrako anatema altxatzen delarik. Galdezka gabiltza beti, gure beldurrak uxatzeko guhaurrek sortu dugun aita larderiatsuaren figura horren inguruan...
«Amen eta txin-txin» erantsi zuen lagunak karkailaz!