Aspaldiko partez Baiona Txikira itzuli nintzen, eta Pannecau karrikan berriki itxi eta ireki tabernak zerrendatzen nituen mentalki. Gure hirian, ostatuen geografia sable higikorren antzekoa da, dudarik gabe. Azkenean, Petrarkaren Bizitza Bakartia (1346) eskuetan Xina tabernako terrazan jarri nintzen, txokolate bero baten parean, jendeari begira eta gogoetan, berrogei urte lehenago bezala: gazteria sutsua nuen inguruan, erretzen eta edaten ausarki, jakin arren erretzea eta edatea kaltegarriak direla osagarriarentzat.
Abdu girgila saltzailea agurtu nuen urrunetik, bai eta bistaz ezagutzen nituen adineko batzuk ere, euskal mintza praktika saioa egiten ari zirenak garagardo epelak hurrupatuz. Euskararen alde gizon bakar zutituko ziren ikasle suhar horiek musean eta solasean zebiltzan, ozenki, frantsesez, jakin arren euskara erabiltzea zein garrantzitsua den hizkuntzaren biziraupena segurtatzeko. Epailetza zurrunaren putzura erori gabe, ondorio lelo hau atera nuen: jakiteak ez du baitezpada ekitea bideratzen.