Gero eta gehiago aipatzen da elikaduraren eta gaixotasunen arteko lotura. Gure osagarriaz axolatzen diren erakundeetako eledunek diote janari ultra-transformatuek eragin infekzioak biderkatzen ari direla, europarrak zahartzen doazen heinean zaurgarritasun kolektiboa areagotuz. Egun hauetan ikusten dugu, gainera, behi, ardi, urde hazkuntza industrialek ere ez dutela egoera baketzen laguntzen, nahiz eta abereek sufritzen dituzten gaitzak ez diren (oraino) jendeentzat lanjerosak.
Bakterioek gure organismoak bortizki inarrosten dituzte, sukarrak, oka egiteak, beherekoak edo deshidratazioak bideratuz. Problemaren larriaz ohartzen gara baten batek bizia galtzen duenean. Elementu askok esplika dezakete bakterio horien hedatzea: batetik, hotzaren katearen kontrol eskasak ekoizleen eta industrialen partetik, eta, bestetik, orokorrean, oinarrizko garbitasun neurrien errespetu ezak.
Ongi liteke, hipermerkatuetan sartzean, oroitzen bagina Hipokratesek, duela hogeita bost mende, «elikadura sendagailu bekizu» erran zuela...