Itxaro Borda

Jomugak

2026ko maiatzaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Artikulu batek gogoetatzeko aukera eman dit goiz honetan: gazteenek eragin biolentzia kasuak apaltzen doazen heinean, nerabeek jasaten dituztenak gero eta gehiago direla diote zenbakiek. Neskatxak eta mutikoak dira nagusiki bortizkeria horien jomugak: bortxaketak, narkotrafikatzaileen ekin itsuak, eskoletako kontu-zuriketak, ziber-zirikak, gurasoen partetikako zauri eta kolpeak ahantzi gabe. Zerrenda luza nezake, zorigaitzez.

Gizartearen biolentzia areagotzen da pobrezia indartzen dabilen artean. Telefono numero anonimo bereziek laguntza dei batzuk hartzen dituzte, baina egikera zakarrik gehienak sukaldeen, logelen edo karriken intimitatean gertatzen dira, lekukorik gabe, salbu ankerkeriaren gailurra, biolentzia horiek norbaitek filmatzen dituelarik sare sozialetan hedatzeko.

Ohartzen gara gure inguruetan haurrak, gazteak eta emazteak biolentatzeko justifikazioak entzuten direla, a mezzo voce, han eta hemen, batzuetan balentria eta espantu moduan, eta besteetan sistemak sustatzen duen maskulinitate ustez zapalduaren aldetik bideratzea zilegi litekeen mendeku antzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA