Bilboko konpartsek Coca-Cola zerbitzatzeari uko egingo diotela leitu dut hor nonbait... baina quid norbaitek kalimotxoa manatzen baldin badu? Utz dezagun eskakizun existentzial hau arraposturik gabe eta goazen harira. Coca-Colak ipar amerikar inperioaren iruditegiaren elementua izaten jarraitzen du gure gazte denboran bezala. Eta bidenabar, sukre gehiegi dauka osagarriarentzat ona izateko. Adikzio zerbait sortu digu halere: alabarekin, txikia zenean, igandeetako zintzur bustitze aldietan, must bat zen guretako likido ilun hau chips pakete batekin gozatzea.
Herenegun, Aturri hegitik ibiltzean, belar moztu berriaren usainak gatibatu ninduen. Pentsua kilikatu zidan: belarka genbiltzan haurtzaroko udako arratsaldeetan, basoak beteka hurrupatzen genuen kafe-ur fresko hartatik eskaintzen ahal lukete bizkaitarrek, Coca-Cola gaitzetsiaren ordez. Kolore berdina du, gustua kasik bera, etxean bertan egina da, kafe eta ur soilez. Belar puloen maldan kukubilko edaten genuen, suge zilar bat ihesean ikusi berri genuelako ikara, idien sudur-hots elkorren artean, euskaraz ari ziren gurasoen eta auzoen solas partidak hautemanez, alegia deus ez.