Kaskileta auzoa zeharkatzen da Oragarren, Bartetako norabidean. Kaskila hitza erabiltzen omen zen Iruña inguruan, kuskuaren edo oskolaren erran nahiarekin. Hemen, badirudi ezkila balantzariak dituen lore ubel baten itzaletik datorkiola izena lekuari, bai eta Isabel Teileriak ekoizten duen ardi gasnari ere. Zazpi etxek osatzen dute kartierra, pentoken berdetasunean, guziak direla, elge, pentze, larre eta alor emankorren artean pausatuak bezala. Neguburuko bezperetan, laranja koloreko eki sartze erraldoiak miresten ahal dira bertatik!
Goiz hartan, oinez jo nuen Isabelen gasnaren bila Uharan ibaiaren hegitik. Haizea buhaka entzuten nuen, kaskabeltzak, amilotxak, txontak edo mokolodi arruntak kantan, ardiak marrakaz eta bere gurina nekez mugitzen zuen urdea korrokaz urmael lohitsuan ihalozka. Pentsamendu triste batek urratu zidan izpiritua: urdearen begi etsia ikustean ageri zen bazekiela bere egunak kontatuak zirela eta ez zuela urteko azken arratsa pasatuko. Bat-batean, biziaz eta herioaz gogoetatzeko unea ireki zitzaidan Kaskiletan, Oihanarteko bidean...