Moda handia da lanean edo garraioetan kea kimikoz troxatu jendeak gurutzatzea, beraien zigarreta elektronikoari indarrez tiraka. Espazioa emokatzen dute buhako zainart batez, ingurukoak ados izan ala ez. Trotinetaz edo bizikleta elektrikoan dabiltzanek bezala, natura salbatzeko betekizun ekologikoaren ardura beren gain daukatela sinesten dute eta ezin zaie deus erran! Batzuetan hobe zigarreta zital hura zurrupatzen balute, ezta?
Europa mailako osagarri erakundeek plazaratu txosten batek zigarreta elektronikoak zein txarrak diren baieztatzen du, epe ertain eta luze batean bederen. Ekai toxikoei egotziriko biriketako minbiziak iragartzen ditu, hatsa hartzeko arazoak eta kardiopatia arriskuak, nahiz eta mediku guziek azpimarratzen duten erretzeari uzteko lehen urrats baikorra dela. E-zigarreta eskoletan debekatzea proposatzen dute, keatzaileak gazteak direlako nagusiki.
Dena den, pipatzeko era berri horren izendatzeko mintzaira bakoitzak bere hitzak asmatu behar izan ditu, neologismoak gehienetan. Gurean «keatu» adibidez. Zergatik ez?