Irakurleak badaki zenbat maite dudan Japoniako kultura, bilobekin marrazten ditudan kanjiak, haikuak, harakiriak eta beste. Sushiak ere bistan dena. Atalante gelan iragartzen diren japoniar filmak ez ditut huts egiten eta Mari Kondoren kontseiluen arabera biltzen dut etxea. Batzuetan hikikomori gisa irudikatzen dut ene burua, denbora luzean etxetik atera ezinean, ez dudalarik pertsona fisikoekin hitz egiteko aukerarik.
Segur aski asmatu berri duten hitz hau zabalduko da munduan zehar. Kokusho-bi elea baliatzen dute dagoeneko zakur-bero egunak izendatzeko eta herritarrei kasu egin dezaten aholkatzeko. Neologismoak ankerki bero erran nahi du, berrogei graduz haragoko tenperaturek sortzen duten ezinegona agerian utziz. Bostehun mila japoniar hiritarrek parte hartu dute hitz horren hautaketa prozesuan.
Hiztegiek eta hizkuntzek aldaketa klimatikoaren egoera berrira egokitu behar dute, zientifikoek jada deitzen baitituzte politiko arduragabeak +1,5 graduko langa abandonatzera, mende hau bukatzean tenperaturek 3° irabaziko dituztelako bana-bestean!