Itxaro Borda

Kristalezko bola

2025eko abenduaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donald Trumpen zerbitzuek dokumentu interesgarri bat plazaratu berri dute, zeinetan presidenteak bere ametsetako Ipar Amerika Handia globoaren destinoa berak bakarrik kudeatzen irudikatzen duen. Autopozik dabil erdi-ekialdean eramaten duen politikarekin, Errusiarekiko negoziaketekin eta Europaren indar zibilizatzailearen gain-behera larria iragartzen du. Bake xedeak baino, Washingtoneko spin-doktoreek lur arraroak eta gas zein petrolio putzuak baizik ez dituzte buruan. Ez da kristalezko bola beharrik, arpilatze eta ustiatze nahikundeak zertan dituzten asmatzeko.

Gure zaharrek erraten duten bezala gerla on eta mundial bat egiazki ongi etorria liteke, jendarte demokratiko gaixo guzi hauen purifikatzeko. Horretan dabiltza miliardunak. Oro har, herritarrek ez dute sekula jakin behar kolpea nondik datorkien eta anitzez hobe zalantza erasokor giro etengabe batean baldin badiraute. Kontsumitu dezatela, etorkizuneko desafio klimatikoak ahantz ditzatela, baina hori bai, diote okituek batera Jainkoak inspiraturiko diskurtsoak ahoan, bakean utz gaitzatela!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.