Urtea txorikeriekin abiatzen dudala erranen du irakurleak. Berdin dio. Honatx: duela hiru aste, neguko solstizio bezperan, Lucia lagunarekin, Kanboko Arnagako baratzeetatik, soa zerura geneukan kurloak han zirelako, kuru eta kuru, antolaketa saioetan, handik gutxira olde bakarrean hegorantz zuzentzeko. Bizpahiru talde zeuden goian, hegalda zaintsuan, gazteak, adinekoak eta ahulenak menturaz, bakoitzak V erraldoi hartan bere leku propioa aurkitu nahian. Elkar lanerako hizketa ozena entzuten genuen, nagusi larderiatsua baino saldo-burua arduraduna zen, hala uste genuen bederen. Hunkidura uher batek gatibatu gintuen, abereek, guri ere, nondik nora ibili erakusten zigutela konturatuz.
2025eko berri zientifikorik garrantzitsuena hauxe da: primateen arteko alfa ar omnipotentearena, gizakiek beren biolentzia soziala justifikatzeko mito bat omen da. Boterea partekatuagoa dela argitzen dute ikerketek, bai eta emeek gehienetan azken hitza dutela ere... arren dominazioa halatan, ez liteke hain naturala.
Ideia horrekin hasten bagenu urtea?