Aspaldiko ikusgarri batean, Joxan Artze usurbildar poetak lanalana hitz multzoa zekarren diapositiba bat bazeukan, ahots lakarraz lana elea mailukatzen zuen bitartean, ikusleongan halako burtzoro bat eraginez. Lanaren kritika artistikoa egiten zen garai haietan lana bazen ausarki: aski omen zen bat uztea beste bat berehala atzemateko. Gaurkoan, botere zirkuluetan lana sakralizatzen da, gaztigu eta sakrifizioaren zentsu kristikoa ematen zaio eta nehor ez da atrebitzen lanaren edukia zalantzan jartzera.
Start up delakoetan lantokia komentu baten antzera irudikatzen da, ora et labora etengabean, goizeko bederatzietan hasi eta arratseko bederatzietan buka, asteko zazpi egunetatik seietan. Familia eta haur aitzakiak baztertu behar dira, horrek lan munduaren maskulinizatzea ekartzen duelarik. Azken urteotan lan kodea zirtzikatu da, baina oraino gelditzen dira lanaz kanpo bizi ahal izateko zirrikituak. Enpresa berrietan, langilearen eskuragarritasun osoa da lorpen indibidualerako bide bakarra, edo hori sinestarazi nahi ligukete, baldintza inkondizionaletan.