Larunbatetan, Baionako merkatuan galtzen zara errugbi partiduaren karietara zuri-urdinez apainduak diren jendeen artean. Euskaraz ari zara saltzaile batzuekin eta besteekin frantsesez. Bada halako xalotasun bat airean, Aviron taldearen destinoa jada plegatua den arren. Ez duzu asteko baratxuririk aurkitu berandu heldu zarelako, baina baratzezainaren mina entzun duzu: laurogeita lau urte dituela erran dizu, 1967az geroztik Aviron zalea dela, azken urtea duela, kirol egoera etsigarria eta orekagabea iruditzen zaiolako!
Bat batean xoxo aurpegiarekiko herritar bat ikusten duzu, jendetza trinkoa urratzen, irri arina dauka ezpainetan, bere buruarekin deblauki eta ahots goraz mintzo da gainera: noraino libre izan behar du batek horrela agerian solilokio ausartean ibiltzeko? Zure galdearen erantzuna baduzu Orzaizeko gasna ekoizle-saltzailearen txosnaren aitzinetik pasatzean: eiki eta baiki, oixtiko bakar-hizlariak Iratiko esnez egin sei hilabete zaharreko ardi-gasna puska bat dastatu eta erosi bide zukeen... Aho-sabaien eta gramatiken plazer zilarra! Horrek hori esplika dezake!