Itxaro Borda

Laster, laster

2026ko otsailaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bi hamarkada barne, gaurko erabaki anti-ekologikoen ondorio ekonomiko-sozialak kontra-produktiboak suertatuko dira, Europan eta ipar hemisferioko herrialde aberatsetan. Etorkizunik ez balitz bezala jarduten dute agroindustrialariek, politikoek, bai eta herritarrek ere: guri bost, diote, gurea negoziaezina da eta azken hilak zorrak paga ditzala! Axular zaharrak ongi formulatu zuenetik, badakigu alta, «gerotik gerora ibiltzeak» ez dakarrela deus onik.

Anartean, Australiako udak sutzen dira, AEBetan elurte erraldoiek herria malgortzen dute, gure departamenduak erregularki euri-uholde alarmapean jartzen dizkigute, biziduna, salbaia eta natura errotik etsai dauzkaten jendarteak eskuinera plegatzen dabiltzala. Iragarpenen ildotik, ikasi dugu halaber, 2050ean tenperaturek bi gradu eta 2100ean lau gradu gehiago hartuko dituztela. 

Minbiziak biderkatzen dira, hormonen funtzionamendu arazoak, kolesterol tasa anomaliak, nesken bezain mutikoen pubertasun desordu seinaleak, infertilitatea, obesitatea ahantzi gabe. Agian salbatzerik merezi ez duen humanitate hau arriskuan dago. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA