Tabakoaren prezioa emendatu digute, Bettencourt aferan lekuko batek NS zuzenki aipatzen du bost ehun euroko billete arrosez bete gutunak erdietsi lituzkeelako, 150 urtez Pirineotako glaziarren zama %85ez gutxitu omen da eta Pariseko gobernuberria datorren azaroaren 22tik aitzina osatuko da: Eliseo Akademy. Hargatik gaur jai dugu iparraldean, lehen mundu gerraren bukaera oroituz.
Igandean Oragarreko elizako kalostrapean sartu naiz. Ezko eta egur zahar usaina. Beti bezala begia marmolean zerrendaturiko herritar zenduen izenengana lerratu zait: hemengo jendetza dezimatua izan zen, alabaina, Verdun eta Chemin des Damesko lubaki lokaztuetan. Guretzat trintxerak dira. Etxe bakoitzetik gizon bat edo batzuetan bizpahiru, anaidi osoak hots, amildu zirenXX. mendeko aurreneko egiazko harategian. Armadara deituak kanoi zitzigaiak ziren, bereziki laborari haurrak, hauek baitziren soziologikoki nagusi garai haietan.
Frantsesa ikasirik eta euskara ahantzirik itzultzen ziren haboroxienak, maingu, kolpatuak, mutur xitxifrikatuak, haluzinatuak. Horien guztien ondorengoak gara. Eta caporal tabako grisa erostezina suertatzen zaigu jagoitik.
Armistiza baten premian gaude naski gaur ere.
Lubakietan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu