Berrogeita hamabi hortz, kasko hezur, gerri eta femur puska erakusten dituzte jagoitik Pragako Museo Nazionalean eta ez dira nornahirenak. Duela mende erdia Etiopiako Afar eskualdean aurkitu zen Lucy australopitekoaren gorpuzkiak dira preseski. Hiru milioi urte pasakoak. Baina hominina bizangodun hau ez da bakarrik etorri Pragara, Lucy baino mila mende gehiago dituen eta Rift Handitik sekula atera ez den Selam mutikoaren hondarrekin baizik. Pragako biztanleek gizakiarekiko filiazio zuzena ukatzen zaien bi pertsona horien hezurkiak miresteko aukera ukanen dute hemendik goiti.
Lucyk arboletan pasatzen omen zuen denbora, abere gosetiei eta auzo nardagarriei ihes: horretan ez gara asko kanbiatu! Afrika ekialdean ikasi genuen zutik ibiltzen, ziminokeriei uko egiten eta hasi ginen harriak lantzen. Tumai eta Ardi ere kausitzen dira gure humanitate minberaren altzo horretan. Bere zuhaitzetik eroriko bat eginik zendu zen Lucy, hamaika-hamahiru urtetan... adin handia ordukoz.