Etxepare lizeoan ikasle den iloba etxe ondora eraman nuen herenegun. Solasean egin genuen bidea, lasaiki. Massive Attacken Mezzanine neukan entzungai autoko irratian, buklean, eta bukatu zenean, isiltasun bulta labur baten ondotik, Rosaliak plazaratu berri duen Lux albumaren lehen notek neuronak kilikatu zizkiguten: ilobak, berehala, mezua igorri zien Tiktok sareko lagunei. Madonnaren eta Björken zale mindua naizela baleki?
Egia da disko handia dela, kantaria krisi espiritual betean dabilela, glosolaliak joa Mendekoste goizean apostoluak bezala. Ezagutzen dituen hizkuntzak oro baliatzen ditu, katalana barne, baina ez euskara —akatsa, ilobaren eta bion irudiko—. Musika aldetik ona da, elegiakoegia agian? Hargatik, Rosaliarekin ados nago Dios Es Un Stalker xuxurlatzen duelarik, Jainkoa, gure suntsiketa amesten duen begi luze larderiatsu eta zelatari bat baino ez delako.
Ilobak bere zerrendan sartu zuen Lux, oso-osorik: holakoak dira gaurko euskaldun gazteak, eta eskerrak Rosalia ere maite dutenak badirela!