Duela zenbait egun, beroaren berorik beroenean —begira hiztegia ere nola urtzen joan zaigun!—, Madonnak disko berri bat plazaratuko zuelako berria hedatu zen sare sozialetan eta prentsa espezializatuan. New Yorken eman zuen hamabost minutuko kontzertuaren irudiak ere banatu zituzten poparen erregina beti bizirik eta kementsu dela erakusteko gisa!
Dantza lekuetako konfesioekin segitzen du, argi zilar ingurukarien azpian ongi sendi gaitezen, bakarrik, taldean, ikara sumin, izerdi ttantta eta piña coladak partekatuz. Bere kanta bakoitzean askatasun aldarrikapen bat egiten du Madonnak, ororen gainetik egunerokotasunaren trapuetan behaztopatzen gabiltzan izaki izutu hauen faboretan. Eta badu jada mende erdia askatzen gaituela. Madonnak gure bekatuak konprenitzen eta beste batzuek ez bezala, barkatzen ditu. Nire ahizpa kasik bikia da.
Giotto handiak behiala Madonna Dolente bat margotu zuen Florentzako Santa Croceko murru bateko affresco batean. Madonnatik Madonnara, hari berak lotzen gaitu, maitasun kordoka berdinak, dolorearen korapilo itogarritik urruntzen laguntzen gaituena!