Gatazka guztietan izaten dira alde bi, eta, gure kasuan, badirudi maila bi ere badirela. Izan ere, batzuei bakarrik eskatzen zaie esateko inoiz ondo egin zuten hori ere gaizki egin zutela. Onartu egin behar dute biktimak abandonatu egin zituztela, haiek behar zutenean ez zirela egoerak eskatzen zuen mailan egon. Ez badute egin duten guztia kondenatzen haiek kondenatzen dituzte. Beti batzuei eskatzen zaie autokritika, eta horiei berei esaten zaie barkamena eskatu behar dutela. Barkamena: berriz ere bekatu egiteko baimena ematen dizun gauza hain kristau hori. Batzuek dira beti astiro hitz egin behar dutenak, existitzeaz damutu behar dutenak, inori minik egin gabe dantzan egin behar dutenak.
Besteak, ordea, beste maila batean daude. Ez daukate torturaz hitz egin beharrik, ez dute inor errekara bota izanaren azalpenik eman beharrik, ez dakite barkamena zer den ere eta ez dira sekula egindakoez damutu. Egia da ez diedala damuaz galdetu, baina pentsatzen dut inoiz kontzientzia arazoren bat izan balute, ez zuketela egin dutena hainbeste aldiz errepikatuko. Edo ez lituzkete mailaz igoko jendea atxilotu,hil arte jipoitu eta errekara bota duten pertsonak. Ez zaie autokritikarik eskatzen: badituzte uniformeak, badute estatua eta onartzen zaie indarkeria erabiltzeko zilegitasuna.

BIRA
Maila
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak