Atlantikotik Mediterraneora hedatzen den Pirinioetako mendi kate luzean, kasko gogorrekiko emakume asko badirela ari nintzen ondorioztatzen, iragan astean, ene Auñamenditar odisean zehar, Vielhan gelditu nintzenean. Sandra Otten Santa Graziri buruzko dokumental zaharrean —denborarekin irudiak ebaneszenteak bihurtu zaizkio—, horietatik zenbait agertzen dira. Gure inguruan badira hainbat, kolpeak hartu arren, metaforikoak edo errealak berdin, tematsu, bizirik eta kalipuz beterik aitzina doazenak.
Vielhan, beraz, Ramdalh folk taldearen kontzertuan egon nintzen eta Maria Verges, Araneko Conseilh Generauko sindika zegoen taula gainean kantari. Nekez imajinatzen ditut Pirinioetako beste buruzagiak herritarrei horrelako amultsutasunez begiratzen. Badukete beste egitekorik, alabaina... Musikak hegiak leuntzen omen dizkigu eta soka-dantzen elkartasunaz gozatzera deitzen gaitu: etorkizuna hor zegoen Montanhes Araneses himnoaren orduan zutitu nintzenean gainerako ikusleekin batera. Etorkizuna, preseski, ibarrez ibarreko antolaketa hurbil horretan zetzan eta, noski, emazte bat buru. Erran gabe doa selfia egin nuela Maria Vergesekin.