Maite dut Maubecera itzultzea nire munduan zeharreko edo Euskal Herri barnealdeko egonaldietatik. Aireportuetako ezlekuetan iruditzen zait memoria galtzen dudala eta jasanezin bilakatzen zaizkit, herri batean adibidez, ibiltari noanean, etxe itxietako leihoetan mugitzen diren erridauen mugimendu furtiboak. Apartamendu txiki hau gustatzen zait, auzoko jatetxe, okindegi eta ostatuak ere bai, are gehiago naski Errepublika plazara irekitzen den Baionako geltokiko eremu zabala.
Hor ditut gurutzatzen gizon eta emazte saldoak, abaiak herresten dabiltzan arabiarrak, egoera geopolitikoa garratza izanagatik zanpa-zanpa sinagogatik jalgitzen den errabinoa, Benfica taldeaz goraki mintzo diren portugaldarrak eta Aturriko fundazio ohietan lanean aritu ziren euskaldun higatuak —begirada bihurriaz agurtzen naute, telebistan ikusi nautela erranez—. Hor dira halaber Donejakuera doazen beilari korearrak, sudokuak egiten dituen eskale xaharra eta bere buruarekin mintzo den andere etxegabea.
Nehor ez da falta hemen... zu izan ezik.