Europako laborariak kezkatzen dabiltza Amerika latinoarekiko komertzioa arautzen duen Mercosur tratuarekin. Badirudi haragi egileak galtzaile aterako direla, esne eta ardogileak aldiz irabazle. Europar behartsuenak, gaur arte bezala funtsean, hormonaz, antibiotikoz eta OGM delakoz hazi behien zitzia erostera kondenatuak izanen dira, osasun legeak ez direlako hego hemisferioan hemen bezain zehatzak. Argumentu errepikatuegi hau entzun dugu askotan… Eta Europako Parlamentuak izenpetu berri den akordioa zalantzan eman du!
Baina norbaitek pentsatu al du Brasilgo Amazoniako oihan tropikaletan bizi diren eta gabezia ondasun daukaten herritarrengan? Errentagarritasun hotza helburu, planetaren birika deitzen dugun baso erraldoiaren suntsiketak segituko du, lur berriak egin eta abereen elikadura edota kotxeen energia iturri gisa erabil daitekeen soiaz estaltzeko. Tratuek sinatzaile bakoitzaren ezpondak aldatzen dituzte, larrutzen, luzerako, gehienbat pobretze kolektiboa dakartela dakigularik. Mundua errateko aditzak, egoerak bezain trinkoak izanen dira etorkizunean ere.