Gogoan dut nola loriatzen ginen anaia txikia eta biok Oihanarteko telebista pantaila animalean The X-Files edo Expendiente X saila ikusten. Dana Scullyz pixka bat maitemindua nintzela aitor dut, baina ez erran nehori! Fox Mulder agentea ere han zegoen, beste galaxietatik etorri gizaki berdeak igurikatzen eta Egia beste nonbait zetzala errepikatzen. Telerama leitzen zuten Mauleko lagunek telesail horri ez begiratzea gomendatzen zidaten, amerikarregia eta neurri batean konplotista zelako. Baina gaurko egunean, hamaika sasoiak ustiatzen baldin badira, ohartzen gara episodio bakoitzean, intuizio jenialak aurkitzen zirela.
Azken berriek Scully eta Mulder poztuko lituzkete, gure eguzki sistematik kanpo aktibitate biologiko zerbaiten aztarnak susmatu dituztelako. Bizitza estralurtarra bermatzen omen da, ur likido eta fitoplankton nasaiari esker, K2-18b izeneko exoplanetaren mundu ozeanikoaren tulunbioetatik. Mulder zoratzen dabilen bitartean, ikerlariek zuhurtziara deitzen gaituzte: alabaina, ororen buru, hurbilago gaude Tarkovskyren Solaris malgu eta nahasitik, lurra kakaztatu eta izarbel berri bat eskura edukitzetik baino!