Itxaro Borda

(N)ergatiboa

2025eko abenduaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Askotan entzuten da euskarak etorkizuneko lehorrak hunki behar baldin baditu zenbait elementu linguistiko galduko dituela bidean. Hori neukan nik ere kasko zokoan duela zenbait egun, gida bat, ez dut erranen nor eta non, euskara hutsean, ergatiboak eta erlatiboak irentsiz bere gaia aurkezten ari zitzaigun bitartean. Subjektu aktiboa erabiltzen zuen aldi oroz K soinuak mailukatzen zidan garuna, eta uste dut, neurri batean nerbioak dantzan zebilzkidala ergatibo falta horrengatik.

Saioa bukatzean, lagunari erran nion nardatua nintzela euskararen ezaugarririk behinenak ahanzten zituen jendearekin. Nahiz eta ez nintzen euskaradunik perfektuena, egikera horrek, nonbait, nire zurruntasun gramatikalaren sakonean, min egiten zidala. Adiskideak erantzun zidan, begiak distira: zer nahiago duzu maitea, euskara ala forma zaharkitu horiek salbatu? Beste aukerarik ez ote zen galdatu nion, eta hark, ezetz, hori zela geneukana.

Sosegatu nintzen Flop Kultura podcastaren animatzaileek, euskara kuirra, arrosa eta sukratua ezpainetan, ergatiboa bederen bikain harilkatzen zutela oroituz!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.