Beti ukan dut alfer edo auher fama, nahiz eta, xinaurria bezala, (agian debaldeko) zereginetan amiltzen ikusten nauten ingurukoek. Batzuei trufarako jaidura ere pizten zaiela aitor dut. Baina ohartzen naiz, jada, kapitalismoak nagitasunaren gorazarrezko ekonomia emankor oso bat eraiki duela, jende arruntenei (holakorik balitz!) laguntza baliosa emateko estakuru paternalistarekin gainera.
Bazkariak etxera ekartzen dizkigute, janariak egina prestak dira, ez dugu etxetik ateratzearen beharrik kirola egiteko, aski baita bi elektrodo sabelean pausatzea eta aitzina! Adibideak zerrenda nitzake ad libitum. Nagitasuna ez da gehiago gaizki ikusia, alderantziz, argumentu komertzial erakargarria bilakatua delako. Herritarrak ondikotz aski du kontsumitzea, arraiki, trabarik gabe, adimen artifizialak sustatu soiltasunaren, erosotasunaren eta merketasun hitzemanen izenean.
Sistema ederra liteke, batzuen eguneroko konforta ez balu gehiengoaren laneko prekarietateak elikatzen, eta, merke ustearen azpian, prezioen aldetik egiazko iruzurrik ez balitz…