Etxetik hain hurbil dudan zinemara ernatu nintzen Jeremy Allen Whitek gorpuzten duen Bruce Sprinsgteen: Deliver me from nowhere filmaren ikustera. Donostiara hurbiltzen den aldi oroz, Anoeta ikararaz uzten duen artista bestiala depresio betean agertzen zaigu hor, bi orenez, Nebraska (1982) albuma asmatzen, zirriborratzen, bere logelan bertan grabatzen eta defendatzen. Bere lanik ederrena da enetzat, etengabe entzuten dudana, humanitatean fedea galtzear nagoenean bereziki.
Obra horretako kanta bakoitza Ipar Ameriketako behialako gainbehera industrialaren kronika bat da, zuri-beltzean, ironikoa, haluzinatua, samurtasun eta biolentzia artean luzatua. Egoerarik gogorrenean ere, jendea sinesteko arrazoi bila dabilela dioen abestiarekin ixten da diskoa. Sistema kapitalistak kanpo utzi herritar horiek beraiek zuketen, duela urtea, beren boza Trumpi eman, honek berriz ere Amerika Handi Egin Dezan.
Arrastiri hartan, Atalante zinematik jalgitzean, iruditu zitzaidan Nebraska eta Hego Dakota artean hedatzen diren Badlands haiek bezain beltz-ilun zirela Aturri hegiak...