BIRA
Nigeriarrarena
Jubilatuek paseatzen duten auzo-bideetan, jubilatuek paseatzen duten orduetan, apenas gertatzen den ezer. Eta goiz batean, ttak, non gurutzatzen duzun gizonezko beltz sinpatiko bat. «Agur!» esate hutsarekin puntu mordoa irabazi du (jubilatu gehienek «buenas»-ekin saludatzen baitzaituzte). Bigarren egunean «Agur, guapa!» bota dizu baina, tira, kulturala izango dela eta, ez diozu txartzat hartu. Kamino bazterrean geratu zarete, berbetan: «I´m from Nigeria...»-kin dio, zehazki zein ingurutakoa den galdetu diozu zuk (pedante halakoa, ezta Nigeria alboko auzoa balitz ere!). Berriketaldiaren ondoren, nork bere bidean segitu duzue. Zentimetro erdi haziago zoaz etorkinekin zeinen irekia eta maja zaren pentsatuz, zu ez zarela arrazista. Hirugarren egunean bera hasi da galdezka: ea beharlekua non duzun, ea lantxoren bat topa zeniezaiokeen... Telefono zenbakia eskatu dizu eta ezezkoa zuk. Ulertzen duela diotsu, no problem, hartzeko orduan zeuk berea. Baina presaz zabiltzala eta alde egin diozu, zentimetro eta erdi uzkurrago, pentsatuz, agian, laugarren egunean saihestu egin beharko zenukeela. Zeuk ere baduzula arrazistatik, maja: gizonezko beltz ezezagun hura egunez barik gauez gurutzatu izan bazenu, ez zenion konbertsaziorik emango; gizonezko zuri ezezagun bati, egun argitan «Agur, guapa!» esango balizu, berbarik egingo ez zeniokeen bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu