Ez dut uste euskal hiztegiek ontzat ematen dutenik haurren goxatzeko erabiltzen den oihal puska urrindu honen izena... Beharbada oihan arteko gure tribuaren etxeko sukaldeetan baizik ez zen baliatzen eta euskaradun serioek aintzakotzat har ez dezaketen lexiko infantilaren erregistrokoa da. Dena den, apartamendua freskatzen ari naizen egun eguzkitsu hauetan apalategiak arintzean, nire historian zehar ñuñu funtzioa ukan duten liburu mutxituak bereziki atxikitzen ditut. Neurrian maitatu nautenen opariak dira batzuk eta besteak introspekziorako bide zailetan barna urrikirik gabe akuilatu nautenak. Eta dagoeneko, bista soilaz ikusten ditudanean, sosegatzen eta lasaitzen naute.
Noizbait, menturaz, nire bizkar zakuan, bost liburu baizik ez ditut edukitzen ahalko eta perspektiba horri buruz ñuñu-zerrenda bat egin dut mentalki. Hor ditut, beraz, Etika, Elorri, Totalitarismoaren jatorria, Poema bilduma eta Gerrillariak. Ahantzi gabe Moby Dick euskaraz eta zergatik ez, zakur-bero eta lo ezineko gauetan irakurtzeko egokia den Kawabataren Elur Herria nobela eta Komako bere geisha zoragarria!