Neguko goizetan, nagusiki igandeetan, gustatzen zaigu ohean egotea, bertan gozatzea eta mihiseen artetik Bachen musika entzutea. Estalien azpian hobekiago gaude alabaina, ilaunez eta hautsez emokatu supazter hotzean baino. Berandu ateratzen gara ohetik eta, plazeraren plazerez, ohea purtzilikaturik uzten dugu, haur denboran milimetroan egiten ikasi genuen arteari fu eginez! Oraindik ere, askorentzat, ohea ez egitearena nagitasun eta ezaxolakeria marka bat da.
Hor nonbait irakurri dut oheak zehatz egiten hasi zirela Viktoria enperatrizaren garai higienikoan. Gaurko egunean, hargatik, zientziak, moralak ez bezala, alferrak ber kontsideratzen ditu, hauen tasunei balio baikor zerbait emanez. Desordenak eta inperfekzioek gure garunak sustatzen eta pentsatzera akuilatzen omen dituzte. Tao filosofian halaber, goraipatzen da kaos eraikitzaile horren sorkuntzarako ezinbesteko gaitasuna. Antsiak eta beldurrak gordetzeko zereginetan galtzen dira perfekzioa bilatzen dutenak. Horra erranik!
Oheak, guk bezala, hatsa hartu beharra dauka…