Miren Amuriza.
BIRA

Oi, Araba

2017ko apirilaren 23a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Bada opor ostean ahalik urrunen edukitzea komeni den jende modu bat: hor zehar, ikusi, dastatu, deskubritu, esperimentatu... duen dena, den-dena, kontatu behar izaten duena. Batzuk ezer galdetu barik hasten dira berbetan; hari mutur bat nahikoa izaten dute besteek: «aizu, ze pultsera polita!» eta «bai, Marrakecheko zokoan erosi nion trekkingeko gidaren amonari, zeren harri honen energiak...».

Ez naiz ibilerok juzgatzen hasiko, Manex Agirrek egueneko zutabean definitu zuen lez, ezkerguaismo alternatiboan lizentziatutako turista izana bainaiz: neuk ere eduki dut Lonely Planet-a bibliatzat, esan izan dut motxila batean kabitzen zaidala bizitzeko behar dudan guztia, fotografiatu ditut indigenak presoen banderolarekin, pasa ditut sekulako beherakoak «bertakoek jaten dutena» jateagatik eta hotel eleganteak ordaindu gero, «errekuperatzeko». Isilik egoteko moduan nago, bai.

Ordea, albokoak ere isilaraziko nituzke sarri eta teknika bat asmatu dut (ezkerguaista alternatiboei soilik aplika dakiekeena). Hasten zaizkit urrunen bateko abentura kontatzen eta esaten diet: «itxoin, jolas bat egingo dugu: bota minutu batean Arabako hamar herriren izenak. Lortzen baduzu segi dezakezu kontakizunarekin, bestela txiskola-pasa». Araba, oi, Araba... Eta ezetz asmatu zer gertatzen den? Seguru noizbait apustu egingo zenutena minutu batean bimbo xerra bi jatearena... Ba horixe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA